Psikomotrizitatea haurren mugimendu, ekintza eta jolasen zentzua ulertzeko

Utziko diegu pantailei haurrak hezten? Ala haurrak humanizatuko dituzten hezkuntza-baliabideak eraikitzen saiatuko gara?

Hezkuntzaren alorrean lan egiten baduzu, eta erabaki baduzu subjektu aktibo eta solidarioetan oinarritutako hezkuntza eraikitzearen alde egitea, Luzaro Psikomotrizitate Eskolatik formazio proposamen bat eskaintzen dizugu. Formazio horrek lagunduko dizu haurrek bizitzako lehen urteetan (0-7/8 urte) adierazten duten mugimenduaren, ekintzen eta jolasen zentzua ulertzen.

Haurtzaroa ulertzen laguntzen digu psikomotrizitateak, ikuspegi kognitibotik ez ezik, begirada eta entzute enpatikotik ere. Autonomia eta heldutasun psikologikoko prozesuak laguntzeko eta ahalbidetzeko jarrerak eta gaitasunak garatzea garrantzitsua da. Izan ere, mundu ezegonkor eta fidagaitz honetan pertsona arduratsu eta sendoa izateko beharrezkoak dira horiek.

Psikomotrizitate praktikako formazioak ibilbide pertsonal eta profesionala eskaintzen du, hezitzailearen eta psikomotrizistaren jarrerak eta gaitasunak garatzeko. Horiek psikomotrizitate gelan edota eskolako gelan lan egiteko balio dute.