Bergarako UNEDeko Luzaro psikomotrizitate eskola 80. hamarkadan hasitako prozesu baten amaiera izan zen. Hamarkada hartan, hezkuntza arloko hainbat profesional jardunean aritu ziren Euskal Herrian, eta, ondoren, 1986ko uztailetik azarora, Madrilgo, Bartzelonako, Murtziako eta Euskal Herriko zenbait hezitzailek hainbat bilera egin zituzten Bernard Aucouturier bera tartean zela. Bilera horien ondorioz sortu zen, hain zuzen ere, Euskal Herrian Bernard Aucouturier-en Psikomotrizitate Praktikako Eskola bat sortzeko proiektua.
Proiektu hori 1987ko uztailean aurkeztu zitzaien Bergarako UNEDekoei, eta 1987ko abuztuan ASEFOP elkarteak (Psikomotrizitate Praktikako Formazio Eskolen Elkarte Europarra) aintzatetsi egin zuen Tours hirian.
Urritik azarora bitartean, egin beharreko tramiteak egin, eta bi urteko lehen formazioa martxan jartzeko azken ukituak eman ziren. 1988ko urtarrilean, propaganda egin eta banatu zen, eskola sortu berriaren aurkezpen-gutun batekin batera.
1988tik gaur arte, urtero antolatu izan dira sentsibilizazio-ikastaroak. Ikastaro horiek egindako lana ezagutzera emateko eta bi urteko formazioetan sartzeko betekizunak ezagutarazteko plataforma edo sarbidea dira. Plataforma funtsezko hiru ardatzetan dago antolaturik: formazio teorikoa, praktikoa eta pertsonala.
Orain arte iragandako denboran, prestakuntza dibertsifikatzea lortu dugu, eta dibertsifikazio horren barruan, azpimarratzekoak dira etengabeko formazioa eta Gasteizko jardunaldiak. Bi jarduera horiek heziketa eta prebentzio mailako psikomotrizitate praktikako formazioa egina zuten ikasleen beharrak asetzeko sortu ziren. Kasu askotan, hasierako formazio hori bukatu duten pertsona batzuk lortu dute psikomotrizitate praktika lantzen jarraitzea beren lantegietan, hezkuntza proiektuan ere txertatuz eta, psikomotrizitate praktikaren oinarri teoriko eta metodologikoetatik abiatuta, psikomotrizitate-gelak diseinatuz.
Gaur egun, eskari handia dago haurrekin lan egiten duten profesionalen aldetik, batik bat, ikastetxeetatik, haurren heltze-prozesuaren garapena ulertzeko psikomotrizitateak pista asko ematen baititu.
Aipatutako bi urteko ikastaroaz gain, mintegiak eta beste zenbait ikastaro ere antolatu ziren. Horrez gain, beste hainbat ekimen ere egin ziren, esaterako: aldizkaria (“Psikomotrizitate Koadernoak”), nazioarteko topaketak, sentsibilizazio-ikastaroak, aholkularitza ikastetxeei eta lankidetza estatuko nahiz beste herrialde batzuetako ASEFOP eskolekin.
2009an, Bernard Aucouturier ASEFOPetik atera zen. Egoera horren aurrean, elkarteak dituen printzipio demokratikoak eta ordezkatzen dugun praktika zein den kontuan hartuta, LUZARO eskolako kideok ASEFOPen jarraitzea erabaki genuen. ASEFOP elkartean jarraitzen dugu psikomotrizitate praktikako Europako formazio-eskola eta formatzailerik gehienok.