Berriak

COVID-19: Psikomotrizitate gelak irekiko ditugu eskoletan?

Ziurgabetasun egoera orokor batean gaude.

Bizitza pribatu eta sozialaren esparru guztietan ditugu galderak, emozioak eta elkarren arteko sentimenduak. Ez da erraza lasaitasunez pentsatzea, erabaki zuhurrak hartzeko aukera emango diguten gogoeta lasaiak garatuz, gehiegizko beldurrean eta gehiegizko haserrean oinarritu gabe.

Luzaro Psikomotrizitate Eskolan (ASEFOP) orientazio-eskaera asko jaso ditugu garai nahasi hauetan haurren mundua zaintzeko eta babesteko moduaz arduratzen diren profesionalen aldetik: galdetu digute ea ireki ala ez, nola ireki, nola joan psikomotrizitate-geletara segurtasun nahikoarekin.

Lehenik eta behin, hezkuntzan eta terapian psikomotrizista gisa lan egiten dutenen jarrera eta ahalegina baloratu nahi dugu, mugetatik eta debekuetatik haratago joan nahi baitute, haurren beharrak eta osasun globala nola zaindu bilatzeko (ezin dira haurren osasun fisikoa eta psikoafektiboa isolatu. Bizitzako lehen urteetako globaltasunaren funtsa da: elkarrekintza eta erlazio iraunkorra dago alderdi guztien artean).

Luzaroren taldean gai horri buruzko emozioak, sentimenduak eta analisiak trukatu ditugu, eta erabaki dugu dokumentu hau egitea haurren mundua zaintzeko gure ekarpen gisa, erantzukizunetik eta profesionaltasunetik abiatuta. Egoera bitxi honetan murgilduta gauden pertsona guztiok bezala, zailtasunak eta mugimendu emozional biziak bizitzen ari gara, eta, horregatik, sentimendu horiek taldean partekatu ditugu lehenik, eta gogoetak eta testuak landu ditugu, gure beldurrei, desioei, haserreei eta abarri hitza emateko.

Deskarga emozional horren ondoren, dokumentu hau egin dugu, eta eraikitzailea izatea espero dugu, segurtasun eta desio handiagoz aurrera egiten laguntzeko.